XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Herkulesek Jupiter jainkoa zuen aita; ama, ordea, emakume hilkorra zuen Alkmena, Tebasko erregina.

Juno jainkosa minduta eta atsekabetuta zegoen Jupiterrek berarekin izandako desleialtasunarengatik, eta Herkules haur jaioberria desagertaraztea erabaki zuen. Horretarako, bi suge ikaragarri bidali zizkion.

Baina Herkules, hilabete gutxiko umea izan arren, oso indartsua zen, eta berehala sugeak gainetik kendu eta eskuen indarrez ito zituen. Herkules heroia maisu ugariz inguraturik eta jainko eta jainkosa gehientsuenen laguntzarekin hazi zen.

Junok, hala ere, gorroto zion artean ere; izan ere, gorrotoaren gorrotoz, Herkulesentzat oinaze eta sufrimendu gehiago prestatzeari ekin baitzion.

Horrela, Euristeoren morroi bihurtu zuen. Euristeok, jainkosa gupidagabearen aginduz, hamabi lan beldurgarri eta astun ezarri zizkion Herkulesi. Guztiak betetzea lortu zuenean, heroia jainkotzat hartu zuten.

Lehen lana. Herkulesek Nemeako lehoia hil eta larrutu behar zuen. Ahotik sua zerion basapiztia zen Nemeako lehoia, eta ez zegoen haren azal trinko eta gogorra urratuko zuen gezirik. Heroiak, dena den, bere beso sendoez ito zuen lehoia eta, basapiztiaren atzaparrak aizto zorrotz gisa erabiliz, larrua kentzea ere lortu zuen. Handik aurrera lehoiaren larrua halakret gisa erabili zuen eta burua kasket moduan

Bigarren lana. Lerna eskualdea Hidra izugarriaren beldurrez bizi izan zen luzaroan. Hidra suge antzeko munstro basatia zen, eta moztu arren, berriro ugaltzen zitzaion buru-pila zeukan. Hidrak edozein hilkor dohakabe hil zezakeen bere hats kirastuna jariatzearekin soilik. Herkulesek, ordea, asmatu zuen nola garaitu: suzko geziak jaurtiki zizkion eta, arnasari eutsiz, piztiaren buru nagusia moztea lortu zuen; horrek heriotza ekarri zion piztiari.

Hirugarren lana. Euristeok agindu zion Herkulesi basurde izugarri eta anker bat harrapa zezala, basurde horrek Erimanto eskualdeko zelaiak hondatzen baitzituen. Heroiak luzaz jarraitu zion eta, azkenean, basurdea ibilbide hain luzea egitearren nekatuarez nekatuaz geratu zenean, Herkulesek katez lotu eta Euristeoren aurrera eraman zuen.

Laugarren lana. Hamabi hilabetez, Zerina eskualde guztian zehar jarraitu izan zion Herkulesek orein bizkor bezain bitxiari: urrezko adarrak eta brontzezko apatxak zituen. Azkenean, gure heroiak oreinaren akidura aprobetxatuz, harrapatu eta bizirik eraman zuen Mizenasa, Euristeo zain zeukan lekura, alegia.